Jaiotzen garenean gure bizitzari buruz daukagun egia absolutu bakarra hauxe da: hil egingo gara. Orduan, denok jakinda hil egingo garela, zergatik da gai iluna, gustatzen ez zaiguna eta gizartean tabu bezala identifika dezakeguna?
Antropologiari zor diogu kultura zein herrialde ezberdinetan heriotza ulertzeko era, tradizio eta ekintza ezberdinen jakituria, eta zehazki gurean, mendebaldekoa deitzen den honetan, argi dago heriotzaren trataerak bilakaera izan duela, atzerakoia gehituko nuke. Lehen norbait hiltzen zenean, etxean biltzen ginen, etxean agurtzen genuen elkar, heriotzaren ikuspegi naturalagoa, errealagoa bizi genuen.
Gaur egungo marko sozio-politiko eta momentu historikoan kokatuta, azkar bizi garen gizartea gara, azkar eta eraginkor, eta gazte, batez ere beti gazte. Beraz, heriotzak ez du lekurik; beno bai, leku konkretu bat: ospitalea eta tanatorioa, denbora konkretu bat, zenbat eta motzagoa, hobe, eta ahal den aseptikoena, mesedez. Eta hau errealitatetik oso urruti dago. Heriotza mina da, garrasia da, amaiera da, agurra da, maitasuna da… eta hori guztia azkar, garbi eta ahalik eta zarata gutxienarekin egiten saiaten garenean, zer gertatzen da? Heriotzari ez diogula daukan lekua ematen, eta heriotzak dakartzan min eta doluei zer esanik ez. Orduan sortzen dira ezegonkortasunak, ez ulertzeak, beldurrak, traumak, dolu ez onartuak eta hainbat eta hainbat min ekidingarri.
Bizitzeko gatoz mundura, eta bizitzen egunerokotasunean jarduten dugu, ikasten dugu, ez dugu prestakuntza gehiegirik behar. Hiltzeko ere bagatoz, baina ez dugu hori ikusi nahi, eta heriotzarekin topo egiten dugunean, galduta sentitzen gara, ez ulertuak, arraroak… Arraroagoa da, ordea, heriotzari leku ez ematea denok biziko dugun zerbait dela dakigunean, gure heriotza ez ezik, baita ingurukoena ere.
Herri txikietan, oraindik jakin egiten dugu nor hiltzen den, kalean ditugun karteltxo, egunkari edo aldizkariekin, eta ikusten dugu, begiratzen, komentatzen: “Joxepantoniren alaba hil da, koitadua, nola egongo ote dira etxean”, “Bai, istripuz hil zen, autopistan azkar omen zihoan”, “Bazuen adina bai, 96 urte”… Hori omen da heriotzaz hitz egitea, eta bai bada, baina modu ez eraginkorrean. Hizketaldi horiek hor geratzen dira, ez doaz inora gehienetan, eta gure heriotzarekin edo aldamenekoen heriotzarekin konektatzen diguten momentuan, pentsamendu hauek oso gutxi irauten dute guregan, ez digute erakutsi heriotza zuzenean ulertzen, eta, beraz, babestu egiten gara. Elkarrizketa horien guztien ondoren, ezin dugu imajinatu Joxepantonik aurrerantzean izango duen minak eragingo dion bakardadea, ezta autopista hil zen horren familiari gutxien axola zaiona azkar zihola jakitea dela, edota 96 urterekin hil zen agureak bere familian hutsune deskribaezina utziko duela. Horretaz ez da hitz egiten, eta hau da garrantzitsuena.
Heriotzari belarriak ilustean konektatzen dugu honekin, nik hala egin nuen, eta kontuatu naiz zein ezberdina izan zitekeen nire mina eta dolua norbaitek heriotzaz sakon, lasai eta benetan hitz egiteko aukera eskaini izan balit.
Orain Zumaian Pausa Psikologiatik, Death cafe mugimendua martxan jarri da, horrela hilabetean behin biltzen gara Kabi tabernan heriotzaz lasai, libre eta epai gabe hitz egiteko.
BALEIKE 2019-EKAINA
Utzi zure iritzia